2012/11/06

UZTALDI AUZOARENTZAT !

Askotan esan dugun bezala, gaztetxea tapiatu badigute ere ez dute gure ametsak tapiatzerik! Behin eta berriz baieztatu dugu Uztaldi gaztetxearen proiektuarekin aurrera jarraituko genuela nahiz eta alkatearen edo Lakuako gobernuaren txakurrek gure lana trabatzen saiatu. Oso garrantzitsu ikusten dugulako tresna hau sistema iraultzeko bidean; gazteok kontsumismoaren atzaparretan erori gabe gure aisialdiaz gozatu nahi dugulako; auzoak, alternatibak eraikitzeko bidean, leku fisiko eta aske bat behar duelako dinamikak aurrera eramateko.

Berrezkuratze bide horretan auzotar guztion parte hartzea ezinbesteko ikusten dugu eta horregaitik Santutxuko Gazte Asanbladak antolaturiko ekimetan partaide izatera animatzen zaituztegu. Gaurkoan, hurrengo bi asteetarako antolatu diren aldarriak aurkezten dizkizuegu. Lehenengoa, ostiral honetan bertan, hilak 9, eta bigarrena hurrengo ostiralean, azaroak 16.

Ostiral honetarako poteo-kalejira berezi bat antolatu dugu, musikaz eta ekimenez giroturik, Sei Izar plazatik abiatuko dena arratsaldeko zortzi t'erdietan. Kalejira aldarrikatzaile honetan zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta askoz hobeto.

Helarazten dizuegun bigarren zitan, azaroak 16koan, gaztetxearen beharra aldarrikatzeko kaleak hartuko ditugu gaztetxe baten ospatzen diren tailer eta ekimenak Karmelo kalean irudikatuz. Arratsalde osorako plana izango da, bost t'erdietan hasita, txalaparta eta dantza ikastaroak, malabareak, slackline-a, txontxongiloak, sukaldaritza tailerra eta txokolatada izango dituena. Zortzi t'erdietan, bertatik, musikaz alaitutako kalejira bat hasiko dugu auzoan zehar aldarria zabalagoa izan dadin.

Esan bezala, zure laguntza eta babesa oso garrantzitsuak dira proiektu honen jarraipenerako, beraz, animatu zaitez eta agertu antolatu diren ekimenetan.


Santutxuko Gazte Asanblada

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina